XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hondartzara inguratzen ziren kaioei eta urbanizazioko basoa betetzen zuten txoriei tiraka hasi zen trebatzen.

Berak eta Albak, azken batean biak ere lehorreko herrixka batean haziak zirenez, eperrak eta galeperrak zituzten gogoan, hura bait zen han ugari zegoen ehize moeta; kostaldean, ordea, ez zegoen horrelakoarik eta bazekiten harrapatu nahi izanez gero, barnekaldera jo beharko zutela.

Hori ere udazkenerako laga zuten.

Eta orain, giro bereziki ona zegoenean, itsasora ere irteten ziren noiz edo noiz, gehiegi urrundu gabe.

Horrelakoetan, jeep-a hartu eta Bartzelonaraino joaten ziren, han atoiuntziratu eta azkenik kala bereziki erakargarriren batera abiatzen ziren, arrats erdirarte bertan geratuz.

Txikiari atsegina bide zitzaion barkuan ibiltzea, itsasoan zeudela ez bait zuen sekula negarrik egiten.

Didaci zoragarria iruditzen zitzaion Alba hantxe jarrita ikustea, txopan, semea besoetan zuela, batez ere umea titiburuetatik zintzilik jartzen zitzaionean.

Behin eta berriz erretratatzen zituen airea eta uraren artean, makinaren klikari jaramonik egin gabe titiari tiraka ari zen jaioberriaren gainean oker-oker eginda zegoen ama hain gazte eta adolezentzia arotik irten berri haren irudia iraunkorra egitearren.

Eta mutikoak lehorreratzen ziren inguruko herriak ikusteko baliatzen zituen irteera horiek, baldin baten bat bazegoen, herriak ia elkar joka zeuden itsas bazter hartan gehienetan gertatzen zen bezala.

Eta horrela, egun batean oilo batekin itzuli zen hondartzara.

Jaioterria utzi zutenetik ez zuten besterik ikusi, (...).